Erregistratu  

   

SEGURAKO PILOTA ELKARTEA

 

Segurako Pilota Elkartea ofizialki herriko kirol elkartearekin batera sortu zen, 1986.urtean alegia. Honela, Segurak pilotarako izan duen afizioari eutsi eta herritarrak pilotaz gozaraztera bultzatzeko helburuarekin dihardu lanean elkarte honek.

Gaur egun herriko neska mutil talde batek dihardu pilotan jolasten. Benjamin eta Alebin mailako hogei bat lagun elkartzen dira astero-astero pilotan jokatzera. Entrenamentu hauek, astelehen eta asteazkenetan izaten dira, 5etatik 6etara, eta Inge Olano, Josu Agirre eta Jose Antonio Rodriguezen gidaritzapean dihardute.

Jubenil mailan aldiz, gaur egun bi-hiru herritarrez osaturiko talde polit bat dago. Hauez gain, gazte ugarik egiten du frontoian kirola egitearen aukeraketa, eskuz, palaz nahiz frontenisean jokatuz.

Pilota Elkartekoekin harremanetan jarri nahi izanez gero berriz, ondorengo helbide honetara idatz dezakezue:
    Email-a: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

 

TXAPELKETAK ETA PILOTA PARTIDUAK


Segura Pilota Elkarteko pilotariek, hainbat txapelketatan parte hartzen dute urtean zehar; Udaberriko Txapelketa, kirol eskolarra, herrietako txapelketak.... Txapelketa hauetako zenbait partidu herrian bertan jokatzen dira, gehienetan larunbat goizetan izaten direlarik.

Horrez gain herriko festetan, San Joanetan alegia, afizionatu mailan goren-gorenean dabiltzan pilotarien partiduak izan dira azken urteetan, behin edo behin profesionalen partiduren batzuk antolatu izan badira ere.

Bestalde, herritarren artean pilotarako afizioa zabaltzeko asmoarekin, 2012.urtean Frontoi Zaharreko Txapelketa antolatu zen lehenengo aldiz. Alde batetik, herriko gaztetxoen arteko txapelketa bat antolatzen da, eta bestetik, herriko gazte nahiz helduen arteko beste bat. Txapelketa hau Maiatzean hasi eta San Joanak bitartean burutzen da, eta partiduak ostiral arratsaldetan izaten dira herriko frontoi zaharrean.


“BETI ALAI, ASTE-TA-JAI” LIBURUA


“Beti Alai, Aste-Ta-Jai”, Segurako pilotaren historia jasotzen duen liburu bat da. Andoni Etxeberria eta Aitor Ugaldek egina da hain zuzen ere, eta bertan iraganetik hasi eta gaur egungo egunera arte pilotak Seguran izan duen bilakaera, historia eta detaile guztiak ezagutzeko aukera eskaintzen da. Web honetako informazio ugari liburu honetatik lortua izan da hain zuzen ere.

Liburua eskuratu nahi duenak Segurako Udaletxean du eskuragarri.