Erregistratu  

   

KUADRILEN ARTEKO FUTBITO TXAPELKETA

 

San Joanetan (Segurako herriko jaietan) jokatzen da herriko kuadrilen arteko futbito txapelketaren finala. Azken urteetan kuadrilen egunean jokatu izan da hain zuzen ere, eta neska eta mutilen norgehiagokak izaten dira ikusgai. Txapelketa hau, Segurako Gazte Asanbladak antolatua izaten da.

Nahiz nesketan nahiz mutiletan 8-10 bat kuadrilek parte hartu ohi izaten dute, Aste Santuen ostean hasi eta San Joan jaiak bitartean irauten duen txapelketan. Partiduak larunbat arratsaldetan jokatu ohi dira normalean, baina talderen batek arazoren bat duelako edota beste zenbait arrazoi tarteko direla, zenbait igande goiz nahiz ostiral arratsetan ere jokatu izan dira. Epaile lanei dagokienez, talde guztien artean banatzen dira.

Aurrez aipatu bezala, San Joanetan izan ohi du txapelketak amaiera, eta giro aparta sortzen da bertan. Herriko gazte, guraso nahiz inguruko jendea ugari inguratzen da herriko futbito zelaira. Partiden ostean, garaikurrak ematen zaizkie bai talde txapeldunei eta baita txapeldun ordeei ere, eta horrez gain finaleko jokalaririk onenak saritzen dira.