Erregistratu  

   

EHIZA

 

Segurako herritarren artean ehizak ere badu bere lekua. Herritar asko dira kirol honetan jarduten dutenak, ehiz modalitate desberdinetan parte hartuz. Modalitate nagusien artean, pagausoen ehiza eta oilagor ehiza aipa ditzakegu, baina basurde ehizak eta plater hausketak ere badute bere lekua besteak beste.


Pagausoen ehiza urritik azarora bitartean izaten da, hau da, usoak beraien bizitokitik penintsulako hegoaldeko lurretara etortzen diren momentuan. Hauek, negu hotzari aurre egiteko, klima epelagoen bila jaisten dira urtero urtero hutsik egin gabe, eta segurako ehiztariak ere hutsik egin gabe zain egoten dira. Gainera, aipatu behar da, Segurarrek Gipuzkoako lekurik ederrenetakoan ehiza egiteko aukera dutela: Gipuzkoa eta Arabako partzuergoan. Bertako partaide izanik, bertan ehiza egiteko aukera dute herritarrek eta horrez gain, postuen erdiak enkantean jartzen dira irail hasieran, edonork bertan ehizatzeko aukera izan dezan.

 Hiru ekintza nagusi antolatzen ditu Txoritegi elkarteak urtean zehar.


Lehena martxoaren hasieran izaten da, ehiza txakur txapelketa. Txapelketa hau Partzuegoko pagari eta baso zabaletan ospatzen da. Bertan 25 herritar inguruk parte hartzen dute beren ehiz txakurrek lagunduta. Azken hau da modalitate honetan protagonista, bere lana baita antolatzaileek mendian jaregiten dituzten eper gorriak aurkitzea. Txakurrak bere lana ongi egiten badu, ondoren ehiztariak txakurrak aurkitutako eperra botatzea izango du helburu. Txapelduna eper gehien ehizatzen dituena izaten da eta lehen hiru sailkatuek Goierriko Ehiza Txalpetan parte hartzeko txartela lortzen dute.

Urteko bigarren ekintza nagusia herriko festekin batera izaten da ekainaren amaieran, Txoritegi elkarteak Mendotzeko zelaietan antolatzen duen plater hausketa. Partaide ugari izaten da bertan eta giro ezin hobea ere bai, herriko festen ospakizunekin batera izaten baita. Platerak jaurtitzeko makina bat erabiliz, 12 plater jaurtitzen zaizkio partaide bakoitzari eta gehien hausten dituenak irabazten du txapela.

Azkenik, iraileko lehen igandean, usakume tiraketa izaten da azpatza txikiko zelaietan. Euskal herriko herri askotan hedatua da lehiaketa mota hau eta Seguran ere arrakasta handia izan ohi du. Bertako nahiz kanpoko ehiztariek parte har dezakete, eta guztira 150 parte-hartzailetik gora izan ohi dira. Makina bat erabiliz, hiru usakume jaurtitzen zaizkio ehiztari bakoitzari eta zinta batek mugatzen duen esparruaren barnean usoak botatzea da helburua. Hiru usoak botatzen dituzten ehiztari bat baino gehiago izaten dira gehienetan eta berdinketa hausteko uso gehiago jaurtitzen zaizkie berdinduta daudenei. Sari ugari banatzen dira partaideen artean eta emaitzak Gipuzkoako Txapelketarako baliagarriak izaten dira.