Erregistratu  

   

BOLA JOKOA

 

Ezaguna da Seguran bola jokorako dagoen afizioa. Gaur egun gazteen artean beste kirol batzuek presentzia handiago hartu duten arren, oraindik ere bizirik dirau bola jokoak Seguran. Lagun talde polit bat elkartzen da astero-astero frontoiko bola tokian, euren entrenamentuak egiteko. Gaur egun bola jokorako hamabi bat lizentzia daude Seguran.

 

HERRIKO BOLATOKIAK

Bi bolatoki ditu Segurak. Bata Baratze frontoiaren aldamenean aurkitzen da, bolatoki estalia da hau. Herriko beste bolatokia aldiz herriko plazaren ondoan aurkitzen da, orain dela urte gutxi egina eta aire irekiko bolatokia da hau hain zuzen ere.

 

GARAIPENAK ETA ERREKORRAK

Segurako taldeak zenbait garaipen garrantzitsu lortu ditu bola munduan nahiz banaka nahiz talde moduan. Horren erakusgarri da adibidez Euskadiko Txapelketak eskuratu izana. Besteren bat aipatzearren, Xepeiño Agirre 1978.urtean Espainiako Txapeldun Irunen geratu zena adibidez.

Beste hainbat txapelketa eta sari lortu dituzte Segurarrek, baina badituzte beste bi errekor eginak ere bola mundu honetan. 100 bolatan ahalik eta berlarik gehiena botatzea izan zen bat. Beste errekorra aldiz, Orduko Errekorra izan zen, ordu betean "zenbat bolatan zenbat berla" botatzea alegia. Xepeiño Agirrek lortu zuen errekorra, ordu beteko lanean 231 bolatan 1336 berlako marka jarri zuelarik.

 

 

 BITXIKERIA BAT

Segurak bola jokorako izan duen afizio horren erakusgarri da ondorengo argazki hau ere. Bertan ageri da Aizkoetako Guillermo Intxausti 100 urterekin bola jaurtiketa bat burutzen.